logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Udazkeneko azoka estrainekoz izango da Apinaizen


Ampliar

Udazkeneko azokaren kartela
Ampliar

Udazkeneko azokaren kartela

Azoka, Mendialdea Biziberritzen proiektutik abiatuz sortua, II.Gaztaina Festarekin elkartuko da Arabako Mendialdea ezinbestez bisitatu beharreko leku bihurtzeko asteburu honetan

Partekatu berria
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 22a. Datorren igandean Arabako Mendialdeko udazkeneko merkatuaren lehenengo edizioa izango da, Mendialdea Biziberritzen proiektuaren barruan Apinaiz herrian egingo den bilgune bat. Aurten martxan jarritako sasoiko hirugarren merkatua izango da, udaberrian eta udan Antoñanan eta Urizaharrean egindakoen ondoren, zeinetan arrakasta izugarria izan baitzen.

Udazkeneko merkatu honetako ekintza programa urtaroko bertoko produktuen eskaintzan oinarritua da: lekaleak, gazta, ogia eta opilak, odolosteak, marmelada ekologikoa eta bertoko egur artisautza. Parte hartzen duten ekoizleak eskualdekoak izango dira eta haien produktuak Arraia-Maeztu, Kanpezu eta Bernedoko udalerrietatik helduko dira, baina antolatzaileak lanean ari dira parte-hartzaileen kopurua handitzeko geroko azokei begira. Baita ere, aurreikusita dago errezeta errazen bat egitea (unean bertan eta bisitarien begi aurrean) bertoko eta sasoiko produktuekin, ekopaseo inklusibo bat eta haurrentzako lantegiak.

Sasoiko hurrengo merkatua, negukoa, Lagrango udalerrian egingo da, oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean, baina urtaroaren barruan.

Lehenengo edizio honetarako, antolatzaileek nahi izan dute Izkiko II. Gaztaina Azokarekin sinergia lortu. Azoka hori Euskadiko Hazien Sareak 2011z geroztik Izkiko parke naturaleko eta haren eragin eremuko (eta, bereziki Apinaizko Kontzejuko) biztanleekin egin izan duen lanaren emaitza da, eta iaz Aldundiaren Ingurumen Sailaren babesa izan zuen martxan ipintzeko. Gaztainaren inguruko jardunaldi hauen azken helburua Izkiko gaztaina barietate tradizionalak berreskuratzea da, gaztainondoak maneiatzeari buruzko jakintza berreskuratu eta egokitzea, jakintza hori ahalik eta pertsona gehieni helaraztea eta landa eremu osasungarria biziberritzeko tresnak sortzea.

Arabako Mendialdeko sasoiko merkatuen proposamen hau, Arabako Foru Aldundiak bultzatzen duen Biziberritzen proiektu pilotuko ekintza lerro bat bezala sortu da. “Proiektua bi ardatz nagusiren inguruan eratuta dago”, azaldu du Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Saileko diputatuak: “Alde batetik, eskualdeko ekonomiaren garapena indartzea, ekonomia jarduera, negozio aukerak eta ekintzailetza sortuz, eta beste aldetik, eskualdean bizi diren pertsonen ongizatea hobetzea zerbitzu publikoen eskaintza onenarekin. Hori guztia, Mendialdean biztanleak finkatzeko edo erakartzeko helburuaz”.

Dagoeneko martxan jarri diren ekintza batzuk aipatzearren, joan den astean Gobernu Kontseiluak abian jarri zuen Vasco-Navarro burdinbideko ibilbide berdeko automotorren pabiloi zaharraren lehengoratzea eta birgaitzea. Moldiztegitik ateratzekotan dago eskualdeko zerbitzu gida bat, horiek sustatzeko kanpaina batekin batera. Gainera, azaroan esleituko dira eskualdean dauden turismo seinaleak eta horien edukiak, eskualdearen irudi propioari eutsiz eta hura sustatuz, eguneratzeko lanak.
Áreas: [LURRALDE OREKA] [NEKAZARITZA]